2019,Ots 02

DUELA 50 URTE


  • DUELA 50 URTE albistearen irudiak

Duela bost hamarkada Aralarren neguko ia asteburu guztietan elurra izaten zenez, iraupen eskiak ere indar handia zuen Tolosaldean. Alor honetan ere herriko bi mendi elkarteek (Alpino eta Oargi) irteera eta txapelketa ugari antolatzen zituzten. Horien artean nabarmenena Alpino Uzturrek euskal federazioarekin batera 1969an antolatu zuen Espainiako Txapelketa izan zen. Aralarren zen egitekoa otsailaren 5etik 9ra, baina otsailaren 1ean elurrik ez zegoenez, Candanchura aldatzea erabaki zuten. Txapelketa hasteko bezperan bota omen zuen elurtea Aralarren. Beranduegi.

18 infantil, 32 junior eta 84 senior izan ziren parte hartzen, Andaluzia, Aragoi, Asturias-Leon, Kantabria, Gaztela, Katalunia eta Euskal Herriko federazioetakoak. Guardia zibil batzuk ere izan ziren partaide. Aurkezpena, entrenamenduak, probak, desfilea, bazkaria eta amaiera ekitaldia izan ziren. Tolosarren artean Alpinoko Jose Luis "Gorri" Lekuona aipatu behar da bereziki, 30 kilometrotan irabazle izan zelako hiritarren mailan, aurreko urtean bezala (orokorrean 7.a) eta 15 kilometrotan bigarren hiritarren mailan.

Alpinoko eskiatzaile hauek ere izan ziren euskal selekzioarekin: Antonio Lobo, Juan Antonio Laredo, Mariano Arrazola eta Jose Antonio Gorostidi jubenila. Arrazolak Suediako Vassa proban parte hartu zuen aurreko urtean. Lobo Espainiako selekzioko kidea zen eta Insbruck-eko Universiadan izana zen, eta Laredo eta Lekuonarekin batera Espainiako txapelduna izan zen erreleboetan 1968an. Urte horretan ez zuten zorterik izan, emaitza kaskarragoak lortuz. Bere kabuz joandako beste tolosar batzuk ere izan ziren: Jose German Gimenez juniorra (Oargi), Francisco Tuduri eta Sabino Aranburu. Asturias-Leoneko Alfredo Valbuena izan zen bi proba nagusiak irabazi zituena.

Antolaketa lanetan Jose Sasieta izan zen zuzendaria, kronometrarien burua Francisco Aizpurua, materialean Mikel Arrastoa, kontroletan Periko "Txipia" Agirre eta Marrubi taldea (Jose Ignacio "Koeti" Zuriarrain, Agustin "Piti" Bidaurreta, Patxi Larramendi, Garbiñe Zabala, Lukas Mendikute) edozein gauzatarako. Txapelketako azken egunean eguzkia egin zuen eta ikusle ugari bildu zen. Erronka handia izan zen antolaketa eta ondo atera zela esan behar da.