2026,Abu 29
2026,Abu 29
Atlas mendikateko 4.000 metroko sei mendi igotzeko aukera izan dute Alpino Uzturreko mendizaleek abuztuan egindako irteeran. Adin guztietako 22 lagunek osatu dute talde jatorra eta Tolosan bizitu den Ali Azdour gidari eta bere laguntzaileei esker ibilaldi erosoak izan dituzte, karga gehiena mandoek eramateari eta gidariek jarritako pauso lasaiari esker.
Mendiko bost egun izan dira: lehen egunean Imlil bailaratik (1.800 m) Tazarhart aterpe librera igo dira (3.000 m), bigarrenean Afla iparra (4.025 m) eta hegoa (4-043 m) igo eta Toubkal aterpera jaitsi, hirugarrenean Toubkal (4.167 m, Atlaseko altuena) eta Toubkal mendebala (4.030 m) aterpetik, laugarrenean Ras (4.083 m) eta Timezguida (4.089 m) igo eta Imlilera jaitsi dira etaparik luzeenean eta bosgarrenean Imlil bailarako herritxo berebereak bisitatu dituzte ibilaldi interesgarrian. Egun batzuetan ilunpetan abiatuta, minik eta arazorik gabe gainditu dituzte erronka hauek, paisaia arrokatsua eta bide harritsuak izan arren.
Etxera itzuli aurretik Marrakechen egun librea izan dute, Kutubia mezkita, zokoa, Ben Youssef medersa eta Jemaa el Fnaa plaza ikusgarria bisitatuz. Joan aurretik beroaren beldurrez baziren ere, ibiltzeko tenperatura egokiak izan dituzte, haize pixka batekin gailurretan, bero bakarra Marrakechen pasatuz azken egunean.