2022,Ots 20

"BALANTZEA OSO POSITIBOA IZAN DA"


  • "BALANTZEA OSO POSITIBOA IZAN DA" albistearen irudiak

"Egiten dudan balantzea oso positiboa izan da Olinpiar Joku hauetan, izan ere aurreko nire marka guztiak hobetzea lortu dut", azaldu du Imanol Rojok.


Imanol Rojok 21. postuan amaitu du Beijingeko Jokoetako iraupen eskiko proba nagusia.


Imanol Rojok ahalegin handia egin du Beijingeko Jokoetan 21. postua lortzeko. Hasiera batean 50 kilometrokoa izan behar zuen lasterketa 30 kilometrora laburtu behar izan dute, eta espero baino ordubete beranduago hasi da, Zhangjiakouko iraupen-eskiko Zentro Nazionala astindu duten haize-bolada bortitzek eraginda. Erabaki horrek ez dio batere mesederik egin tolosarrari, distantzia handietan erosoago baitago, 50 kilometrokoa bere fetitxe lasterketa proba izanik.


«Amorrua eman dit, 4 urte neramatzalako karrera prestatzen. Berdin izango zen 30 eta 50 egiteak, lasterketan zaudenean berdin dio. Laburtuz gero, ez da haize eta hotz gutxiago egongo. 50 kilometroak korritzea gustatuko zitzaidan, postu hori hobetuko nuelako, seguruenik», adierazi du Imanolek proba amaitu ondoren.


Rojok aurreko elkarrizketetan ohartarazi zuen bezala, gaurkoa haizeak markatutako eguna izango zen, eta gakoetako bat taldean babestuta egotea zen. Lehen kilometroetan ederki bete du bere lana, baina 15. kilometrotik aurrera lasterketaren zatirik handiena bitan zatituta geratu da, Imanol bigarren multzoan utziz. 17 eskiatzailek ihes egin dute eta horien artean faborito nagusiak zeuden: Bolshunov, Holund, Krueger, Manificat edo Dario Cologna, besteak beste. Errusiarrak tiratzen hasi dira eta zenbait lehiakide arazoak izaten hasi dira, hala nola Norvegiako eskiko izarra, Joko hauetan lau domina irabazi dituena, Johannes Klaebo. Horrek gaurko lasterketa zein gogorra izan den erakusten du.


«Oso lasterketa gogorra izan da, hasieratik asko tira egin dute. Lehen 15ak tiraka aritu direnen artean mozketa bat egin dute, sartzen saiatu naiz, baina ezin izan dut. Amorrua ematen dit oso ondo nengoelako. Ondoren, eroso joan naiz bigarren multzoan, eta esprintean jokatu dugu», adierazi du Imanolek.


16,8 kilometroetan, Imanol 21. postuan zegoen, bigarren multzoan gora eginez. 22,3 kilometroak igarotzean, 19. postura igo zen (+2.07.7), Salvadori italiarrarekin, Pralong suitzarrarekin edo Baba japoniarrekin azpitalde txiki batean babestuta. 23,9 kilometroan 17. postuan zegoen (+2: 18.2), gaurko egunean lortutako onena. Azken bost kilometroetan Basque Teameko kirolariak esprintean jokatu du. Azkenean 21. postuan helmugaratu da, 1:14: 50.5 denborarekin (+3: 17.8), Sotxi 2014an eta Pyeongchang 2018an lortutako 33. postua hobetuz.


«Oso balorazio positiboa egiten dut joko hauei buruz. Nire postu guztiak distantzia guztietan hobetzea oso positiboa da, baina probaren batean postu hoberen bat egin nezakeela uste dut. Distantzia bakoitzean postuak hobetzen doazen bitartean, pozik egon behar dut».


Horrela, skiathlon 15x15km-ko proban lortutako hogeita batgarren postua errepikatzen du, eta 39. postua estilo klasikoko 15 km-etan.



Zorionak, Imanol!!!



Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio experientzia hobetzeko. Cookie Politikan sartu eta informazio gehiago aurkituko duzu.
Onartu | Informazio gehiago