Natura ta mendia
ditugu atsegin
eta lagunartean
irteerak egin
Aurtengoa Babian
hamazazpi mastin
eskerrak artzai ona
genuela Martin
Leon lurraldean zeuden suteekin beldurtuta hasi zen Babiako astea, baina zorionez urruti zeuden sute horiek eta programatutako ibilbideak egin ahal izan zituzten Alpinoko 17 mendizaleek.
Asteartean La Farrapona mendatetik abiatuta, Albo Occidental eta Albo Oriental mendiak igo zituzten, “Los juegos del hambre” filmaren errodatze lanak saihestuz eta Calabazosa lakua inguratuz.
Asteazkenean La Cuetatik abiatu ziren ibiltariak, Leongo herririk altuena eta Sil ibaiaren jaiolekua. Peña Orniz igo zuten taldekide gehienak eta beste batzuk, lainoagatik (gero altxa egin zuen), turismo egitea erabaki zuten: La Cuetako errota, zaldiak perratzen ikusi, Riolago herri dotorea eta bere interpretazio zentroa, Senda de Lunako kanpinga eta bainua, Valle de Arbás…
Ostegunean Torre de Babiatik hasita, taldekide gehienak Laguna de los Verdesetik Montihuerora igo ziren, aldapa pikoa. Hasieran lainoa zegoen, baina gero garbitu egin zuen. Batzuk La Riera de Babiara jaitsi ziren eta beste batzuk Peña de los Añosetik pasatuz aurreikusitako ibilbide luzea burutu zuten.
Ostiralean eguraldi ederra izan zuten egun osoan eta El Rebezo alberge bertatik abiatuta gehienak Peña Ubiñara igo ziren, inguruko mendi ezagunena eta zailtasun pixka batekoa, eta beste batzuk Peña Cerreosera.
Larunbatean. La Ventana mendatetik hasita, Huerto del Diablo Norte eta Sur, Ranchón eta Melluque tontorrak igo zituzten eguraldi ederrarekin.
Torrebarrioko El Rebezo aterpeko instalakuntza eta otorduekin gustura gelditu dira Alpinokoak. Babian egoteak merezi izan du.
********************************************************************************************************************************
"¡¡Estás en Babia!!".
Leongo eskualdea da Babia, eta Lunarekin batera, 2004. urtean Unescok Biosferaren Erreserba izendatu zuen. 2015etik Parke Naturala ere bada.
Alpino Uzturre elkarteak mendi irteera antolatu du Babia Parke Naturalera.
Abuztuaren 18an hasi eta 24an amaituko dugu.
Bidaia kotxez izango da.
Mendizaleen kopurua mugatua da: 18.
Pentsio erdiko 6 gau izango dira Torrebarrioko (León) El Rebezo aterpetxean. Eguneko pentsio-erdiak 38 euro balio du.
Bidaiak mendi irteerak barne hartzen ditu, ahal dela biribilak, eta aterpetxera itzultzen da gaua pasatzera.
Peña Ubiña (2.411 m.) igo ahal izango da Torrebarriotik, Peña Orniz (2.191 m.) La Cuetatik, Cornón (2.188 m.) Somiedo mendatetik, Albo mendebaldea (2.075 m.) eta ekialdea (2.109 m.) La Farrapona gainetik, eta Ranchón (2.152 m.) Puerto Ventana mendatetik.
Informazio gehiago eta izena emateko: alpinouzturre.eus gure webgunean, info@alpinouzturre.eus emailera oharra bidaliz edota 747456014 telefonora deituz.