Redes pagaditik hartzen du izena. Harizti, gaztainadi eta beste espezie askotako zuhaiztiak ere baditu. 2001ean UNESCOk biosferako erreserba izendatu zuen. Mendi giroko herrixka politak ditu.
Bertako mendi eta paraje ederrenak ezagutzeko aukera izan dute 18 taldekideek. Asteartean El Visu la Grande (1.707 m) igo zuten, asteazkenean Ruta del Alba ibilbide lasaia egin zuten eguraldia zalantzazkoa zelako (eta batzuk Cogollu tontorra ere bai, 1.222 m), ostegunean Tiatordos (1.951 m) parkeko ezagunenean izan ziren, ostiralean Retriñon (1.866 m) eta larunbatean La Xamoca (1.281 m), Les Llombes (1.139 m) eta La Carba (1.132 m) tontorrak igo zituzten. Iragarrita bezala, azken eguneko eguerdian euria hasi zuen, justu ibilaldiaren amaieran eta astea ondo bukatzeko, horreo baten azpian babestuta bazkaldu zuen taldeak.
Mendizaleek Soto de Agues herrixkako Cantu de l’Osu aterpetxean hartu zuten ostatu, guztiz gomendagarria bere sukaldea, instalakuntzak eta prezioagatik. Talde jatorrak giro ezin hobea izan zuen astebeteko irteera honetan.
***************************************************************************************************************************************
Udaran Asturiasera
joan gara Alpinokoak
Redes aldeko txokoak
gustura zapaltzera.
Visu la grande, Tia Tordos…
gure arteko giroak
balio du “por dos”
edozein planaren aurrean,
poz- pozik, beti, ados.
Hemezortziko taldea
umore onez aurrera
gustu guztietarako
badugu hantxe aukera:
buelta motza, edo luzea?
bi multzotan ibiltzera;
bestela, denok batera.
Kontua, disfrutatzea!
Motxilak eta bastoiak,
aitonak eta “yayo” ak
denak pozik eta alai,
iuju iuju ja ja jai.
Paisaia zoragarrietan
animalia ugari:
tximeleta asko dantzari
“les vaches” belar goxoan
behorrak haien ondoan
mastinak goiko lepoan;
goiko gailurrean eltxoak!
mendizale baten hankan,
akain baten arrastoak.
La Ruta del Alba eta,
ondoren, batzuk, Cogollu
sidrina “eskanziatzeko”
horra hor mila katxarru
bla bla bla glu glu glu glu
ederra dago, aizu!
l’osu, dígolo, l’arrayu,
asturiarra badakigu
gazta fuertea da baina
ederki sartzen da kaña;
zezina, ere, bikaina.
Hizkuntza ere dexente
landu dugu derrepente
eta hitza ez badator…
onomatopeia hor!
taka taka pim pam pum
dena ulertzen da bixkor.
Retriñones ta Xamoca
orreo azpian… topa!!
akabo sega kontuak
“fst fst fst fst” swing landuak
gustura etxera goaz
irribarre bat ahoan.
Falta direnak gogoan…
Mari Mar, Jimmy, benetan,
bikaina, antolaketa.
Zuekin gaude zorretan…
ordu erdiko opari asko
daramatzagu zainetan!!!!
- 2024/08/25-
****************************************************************************************************************************
Alpino Uzturre elkarteak Redes Parke Naturalara mendi irteera bat antolatu du.
Redes Parke Naturala Biosferaren Erreserba da 2.001 urteaz geroztik.
Asturiasen dago kokatuta, Caso bailaran.
Abuztuaren 19an hasiko dugu eta 25ean amaitu.
Kotxez izango da bidaia.
Soto de Agües herrian dagoen Cantu de l´Osu aterpean hartuko dugu ostatu pentsio erdian. Pertsona/eguna zenbatekoa 30 eurokoa da. Gelak lau lagunentzako dira, eta gela bakoitzean bainugela bat dago.
Mendizaleen kopurua mugatua da: 18.
Bidaian mendi txangoak egingo ditugu, gehienbat zirkularrak, eta beste hainbat puntu interesgarri bisitatu ere. Tiatordos (1.951 m.), Retriñón (1.862 m.) eta Visu la Grande (1.718 m.) mendiak igoko ditugu. Arrudos eta Ruta del Alba desfiladeroetan txangoa egingo dugu. Tabayón de Mongallu kaskada eta Devoyu kobazuloak bisitatu, eta turismoa Riaño inguruan eta San Isidro eski estazioan.
Informazio gehiago eta izena emateko: alpinouzturre.eus gure webgunean, info@alpinouzturre.eus emailera oharra bidaliz edota 747456014 telefonora deituz.