Uzturre Elkartea
Oria ibaiak 1953an izan zituen uholdeekin lotzen da zuzenean Alpino Uzturreren sorrera. Nola? Bada, uholde haiek eragin zituzten kalteen artean Berazubi stadiumekoak handiak izan ziren eta Tolosa CFk hura berreraikitzeko proiektu bat aurkeztu zuen 1956an Igarondo zineman egin zen asanblada batean. Orduan mendi sail indartsua zuen Tolosa CFk eta mendizale ia gehienak proiektuaren aurka agertu ziren asanblada hartan, sortu nahi zuen kirol eskola Falangeren menpekoa izango zela uste zutelako. Horren ondorioz 100 bazkide baino gehiago Tolosa CFtik bota egin zituzten eta mendi sailean ia inor ez zen gelditu. Kaleratutako mendizale haiek elkarte berri bat sortzeari ekin zioten. Mendiko Federazioak (Vasco-Navarra deitzen zen orduan) elkarte berria justifikatzeko arazoak izan zituen beste erakundeen aurrean, Tolosan beste bost mendi talde bazirelako: Tolosa CF bera, Aralarko Adiskideak, Ski Club Tolosano, San Esteban eta Oargi.
Esteban Larraioz, Antton Saez Basagoitia, Joxe B. Arrate, Peter Schnabel, Javier Luarizaierdi, Juanito Ugarte eta beste mendizale ezagun asko zeuden elkarte berria sortu nahi zuen taldean eta bere esperientziari eta izenari esker lortu zuten. 300 sinadura baino gehiago lortu zituzten. Sorrera batzarra 1958ko abenduaren 13an egin zuten eta Juan Mari Goiogana aukeratu zuten lehendakari. Materialik gabe, lokalik gabe, beste elkarte baten menpe izatetik naturaren inguruko kiroletan zentratutako elkarte berri bat izatera pasatu ziren. Korazonistetan hasi ziren elkartzen, Cordimarianaren lokaletan. Handik urte gutxira, 1962an, gaur egungo egoitzara pasatu ziren, Gudari kalera. Jose Sasieta zen orduan lehendakaria. Lehen aipatutakoez gain, Mikel Arrastoa, Periko Agirre Txipia, Kepa Brau, Javier Alkorta, Ignazio Zuriarrain Koeti, Miguel Garcia Pelu, Jose Luis Zabaleta, Jose Luis Lopetegi, Jose Luis Mendieta... aipatu behar dira, besteak beste. Mendira joateko autobusak, haurrentzako martxak, kanpamenduak, eskalada eta eski ikastaroak, eski probak, hitzaldiak, proiekzioak... antolatzen zituzten. Lehen aipatutako mendizale batzuez aparte, eskaladan Felix Etxeberria, Iñaki Sagredo, Santiago Arrospide, Patxi Berrio (Narancon hila Ramon Ortiz tolosarrarekin batera), Jesus Mari Oiarbide, Javier Miralles... aritu ziren. Eskiatzen berriz, David Hernandez, Antonio Lobo, Jose Luis Lekuona Gorri, Jose Antonio Gorostidi, Angel Ortiz... izan ziren lehenak.
Kirol alorraz gain, lehen hamarkada hartan beste helburu nagusi bat lortu zuen Alpino Uzturrek: tolosarren onarpen soziala. Horretan lehen aipatutakoen lana nabarmendu behar da. Herriko egunkarietan eta irratian egindako propaganda lana ere handia izan zen garai hartan.
Harrez gero aktibitateak ez du etenik izan, batzuetan besteetan baino gehiago. Mendi irteera ugari egin dira Euskal Herria osoan zehar eta baita Pirinioetara ere. Elkarteko zenbait kidek espedizioak egin izan dituzte Laponian (David Hernandez, Jose Luis Lekuona Gorri, Mikel Zabala eta Antxon Bandres) eta Groenlandian (Angel Ortiz, Josu Iztueta, Dina Bilbao, Nekane Urkia eta Txiki Plazas) zehar. Eski taldeak ere probetan parte hartzen jarraitu du, kide batzuk selekzioetara iritxiz: Angel Ortiz, Garbiñe Alkorta, Joseba Rojo..., eta gainera Imanol Rojok 2014ko Olinpiar jokuetan parte hartuz. Joseba eta Imanol Rojo anaiak ere urteko Tolosako kirolaririk onenak ere izendatuak izan dira.
Candido Aizpurua bazkide zizurkildarrak 8.000 bat lortu zuen: Gasherbrum II (8.085 m). Elkarteko kide asko aritu dira eta ari dira eskalatzen.
Urte batzuetan mikologiak arrakasta handia izan zuen Tolosan eta Alpino Uzturrek ere parte hartu zuen zenbait lehiaketatan, antolatzaile eta lehiakide gisa.
Gaur egun, Alpino Uzturrek Gudari kaleko egoitzan jarraitzen du, 400 bazkidetik gora ditu, Aitor Oiarbide da lehendakaria eta federazioko txartelak egiten, mendi irteerak antolatzen, eta iraupen eski taldean zentratzen du bere aktibitatea.